Fiskalizazio faseak

Fiskalizazio lanean Plangintza Memoranduma egitea da lehenbizi eman beharreko urratsa. Agiri honek honako datu hauek jasotzen ditu: egin beharreko lanaren zabala, fiskalizatuko den erakundearen datu behinenak, beharrezko diren bitartekoak -teknikoak zein gizazkoak-, aplikatu beharreko irizpideak, fiskalizazioa egiteko zehaztutako egunak eta aztertu beharreko alorren arriskuaren balorazioa.

Lanaren ardura duen fiskalizazio atalak egindako agiri hau Auditoreen Batzorde Teknikoak aztertzen du ondoren.

Geroago, Osokoak eztabaidatzen du Plangintza Memorandum hori eta, hala badagokio, onartu egiten du. Onartu ondoren hasten da landa-lana, hau da, fiskalizazio taldeak, ekonomista zein abokatuek, txostena egin ahal izateko beharrezkoa den dokumentazioa aztertzen dute. Dokumentazio hau era askotakoa izan daiteke, egin beharreko txostenaren arabera, baina, azken batean, kontabilitate datuak, indarrean dagoen araudia betetzea, edota gastuak eta sarrerak ekonomia, eraginkortasun eta efizientzia baliatuta egikaritzea dituzte aztergai.

Halaber, esan behar da fiskalizazio-gai diren erakundeek nahitaez jarri behar dituztela HKEEren esku honek eskatzen dituen agiri guztiak.

Landa-lanaren emaitza lehenengo txostenaren zirriborroa da, eta lan paper guztiekin batera (txostenean jasotzen diren ondorioen euskarri), beste sail bateko fiskalizazio taldearen esku jartzen da, Kontrol Teknikoa egin dezan. Kontrol honetan egindako lana, ondorioak eta txostenean nola jaso diren aztertzen da berriz eta, modu horretara, lanaren alderdi guztiei buruzko eztabaida eta baliozkotze teknikoa egiten da. Helburua egindako lanari barne kontrol bat egitea da, arrazoizkoa eta inpartziala dela ziurtatzeko.

Kontrol Teknikotik eskuratzen den txosten zirriborroa eta txostenaren arduradunen eta kontrola egin duten arduradunen artean sor litezkeen desadostasunak Auditoreen Batzorde Teknikoan (ABT) eztabaidatzen dira, eta hortik sortzen den Txosten Zirriborroa HKEEren Osokoari aurkeztuko zaio, bertan aztertu eta, egokia bada, onar dezan.

Osoko kideen gehiengoz onartutako txosten hau Behin-behineko txostena izango da eta fiskalizazio-gai izan den erakundeari helaraziko zaio, komunikazio eredu batekin batera, agindutako epean egoki iritzitako alegazioak egin ditzan; horrekin guztiarekin, HKEEren Osokoaren erabakia bidaliko da, betetzeko jarraibideekin batera.

Behin alegazioak jaso ondoren, txostenaren ardura dutenek aztertuko dituzte eta bi jokamolde dituzte:

Onartzen diren alegazioek txostena aldatuko dute dagokien ataletan.
Onartzen ez diren alegazioak txostenari txertatuko zaizkio bukaeran, fiskalizazio-gai den erakundeak egindako alegazioak direla adieraziaz.

Txosten-proposamen hau berriz eztabaidatuko da ABTn eta HKEEren Osokoari aurkeztuko zaio onar dezan; hortik eratorriko da Behin betiko txostena.

Behin betiko txostenak HKEEren txostenari berari eransten dizkio fiskalizazio-gai den erakundeak egindako alegazioak, txostenaren edukia aldaraziko ez dutenak; baita, balego, Osoko Bilkurako kideren batek egindako boto partikularra ere, botoaren esanahia adieraziaz.

Aurreko fase hauek guztiak HKEEren fiskalizazioaren eskuliburuan daude jasoak; hona hemen aurkibidea: pdf